XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

7. FESTAK ETA IHAUTERIA

Pirinioetako herrietan festak urte osoan zehar izaten dira.

Oso festa zaharrak dira.

Joko, dantza, erromeria eta abar luzea egin ohi dute.

Horien esanahia eta jatorria jakitea ez da erraza izaten.

Garbi dago naturako zikloekin oso lotuta daudela; solstizioetako (udako eta neguko solstizioetako) festak, esaterako.

Batez ere azken urteotan, festa hauek galdu egin dute garai bateko ikusgarritasuna, baina oraindik ere erakargarri eta herrikoiak dira; nekazal munduan batez ere.

Hirietan ez da horrelakorik gertatzen.

Dena den, azpimarratzekoa da gaur egun ere hiritarrengan duten arrakasta; ekainaren 23ko gaueko suek, adibidez.

Festetan ere, kristautasunak bere iritziak antzinako ohitura eta usadioen gainean ezarri behar izan zituen.

San Joan Bataiatzailearen eta Gabon gaueko festak lehenagoko ospakizunen kristautzea besterik ez dira.

Ihauteriei ere gauza bera gertatu zaie.

Solstizioak

Solstizioen inguruan zenbait errito eta festa ospatzen da.

Eguzkiari, Ilargiari eta Suari antzina egiten zitzaizkien kultuekin harremana izan dezakete.

Pirinioetan festei dagokienez solstizioak dira urteko garai garrantzitsuenak.